2012/11/25

Ahaleginaren fruitu gozoa



Arkaitz Urdapilleta Irazu
Helburua eta eguna: Donostiako Maratoia, azaroak 25.
Dortsala: 35
Denbora: 3 ordu eta 13 minutu.

Zain geunden, urduri, eta eguerditik hamar bat minutu inguru baino pasa ez direnean ikusi zaitugu Anoetako estadioan sartzen. Erritmo ederrean eta estilo paregabean. Nor izango bidelagun, gainera? Xabier Berrueta lagun eta “lankide” aparta. Irribarrea zen nagusi bien aurpegietan, baita neke zantzuak ere. Hala ere, elkarri besarkatuta eta saltoka sartu dira helmugan! Ez dut luzaroan une hunkigarri hori ahaztuko! Gogoratzeko argazkirik behar ez duen horietakoa!

Dena den, kronikak kronika, ondo egindako lan luze eta sakonaren merezitako ondorioa da gaurko balentria. Azken finean, 3 ordu “azkar” pasatzen direla esan daiteke; ez, ordea, aurrez burutu beharreko prestakuntza. Orain dela urtebete inguru jarri zenuen martxan tresneria, xede bakarra buruan zenuela: maratoia helburu! Bai, jauna! Futbola eta gainerakoak alde batera utzi, eta serio ekin zenion lanari. Orduz gero, entrenamendu luzeak, laburrak, lauak, aldapatsuak izan dituzu eguneroko ogia, beste ezertarako tarte handirik hartu gabe.

Ondoren, ahaleginaren emaitzak agerian geratu ziren lehen lasterketetan: sentsazio onak eta denbora ezin hobeak. Noizbehinka ere izan dituzu zalantzak, gorabeherak, nekeak, baita belauneko molestiak ere. Zuk, hala ere, tinko eutsi diozu xedeari! Neguko euria eta hotza, udako bero eta sargoriak… ezer ez da oztopo izan aurrera jarraitzeko! Askok erotu zarela ere esan dizugu…baina horrek ez du axola norberak nahi duena argi duenean.

Gaur, azkenean, 12:13an iritsi zaizu oparia, lanak beti baitu saria! Eredu zara, Arkaitz, asko eta askorentzat, eta mila esker erakutsi diguzunagatik!

Itziar Urdapilleta Irazu   

1 comentario:

  1. Jo, Itziar, ze dotore, fin eta sakon aritu zaren. Nere aldetik ere zorionik beroenak Arkaitzi!

    Bueno, Arkaitz, jarriko gara harremanetan bazkaria egiteko, abenduaren 6rako geratu ginen, ez da?

    Lourdes Urdapilleta

    ResponderEliminar